XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izurun-Donostia

Donostiaren hasierako momentua era honetara definiturik, berdin da hiribilduaren elementu alternatiboa Komentua, Abatetxea, Lazaretxea edo Santiagorako erromesen Ospitale izatea, horren azterketa historialarien ikerketa jakintsuen esku uzten dugu.

Guri bakarrik axola zaiguna zera da oihartzun apokaliptikoen 1000 urte honetan, hiribilduaren aurrean, eraikitako eta banakako multzo bezala bere hormetako hesien atzean gorderik, agertzen diren bi elementu garrantzitsuekin Santa María eta San Bizenteko elizak, Urgull gotorlekuaren haize-gerizean, Badiaren eremuan harrizko alternatiba bat kontrajartzen zela Antigua aldean, eta bertan Komentu zaharra nahiz Antiguoko parrokia eratuz, hiri honen hasierako hiri-kokalekuaren arkitekturaren ideia eta irudia irudi-interelazio (6 irud.) honengan egokitzen direlarik.

Donostiaren hirigintzan lehen momentu adierazgarri bezala dei genezakeen irudi bipolar hori, halaber XVI. mendeko (1560) Hoefnagel-en grabatuari begira (8 irud.) uler daiteke, non hiribildua garbi ikusten den bere osotasunean, Antiguako Komentua San Sebastian Martiriak bakarrik sinbolikoki aurkezten duen bitartean, argi eta garbi errenazentista den ikonografia batean.

Ezin dugu alde batera utzi hiri honen ikuspegiak bere elementu arkitektoniko adierazgarrienetan gure hiri-errealitatean duen garrantzia, airetiko ikuspegien bilduma Oinplanoarekin batera hiri bat aztertzeko eta ezagutzeko Karl Gruber-ek gutxieneko eta funtsezko bezala ulertzen dituen atributuak direlako (7 irud.).

Hala, 1560an burututako dokumentu baten aurrean gaude, Europako hirurehun hiri inguru garrantzitsuenen ikuspegiak barne hartzen dituena, sei ataletan bilduta, puntaz grabaturik, kobrezko plantxan eta miniaturaren teknikak erabiliz.

Lehenengoa ez bada ere, zentzu modernoan dagoen hiriko atlas osoena da. Georg Braun eta Franz Hogemberg-ek argitaratu zuten CIVITATIS ORBIS TERRARUM izenburu ezagunarekin eta Joris (Georg) Hoefnagel-ek diseinatu zuen.

Moduren batean Hoefnagel-ek diseinaturiko Donostiaren irudi honek, 1560ko hiritar estratua erakusten du, non Santa Ana-ko orratzak, Santa Mariako elizaren ondoan, ezaugarri gotiko berantiarrak agertzen dituen bere dorre zorrotzean; eta badirudi ere Udaletxeek argi eta garbi erdi aroko esangura mantentzen dutela oraino eta Santa Mariaren aurrean eta porturantz altxatzen dira (8 eta 10 irud).

Nahiz eta beste interpretazio batzuen arabera bi eraikuntza hauek Okendo eta Sacramenteros-eko Dorreak izan daitezkeen, halere, zehaztasun hau ez da funtsezkoa dugun helburuarentzat. Gure iritziz eta Karl Gruber-ek erdi aroko hiriarentzat landutako azterketa-metodoak jarraituz, uste dugu Santa Mariaren aurrean altxatzen diren bi eraikinak defentsari baino iharduera zibilei lotuagoak dauden eraikuntzak direla (7 irud.).

Beraz, 1560ko ikuspegi honetan enfasiarekin agertzen dira hiru eraikinak donostiako arkitekturan, Santa María, San Bizente eta bi tenplu hauen artean, San Telmo, eraiki berria zen Dominikoen Komentua hiribilduaren hormazko perimetroaren barruan, zeren eta bere eraiketa eragozpen multzo bat gaindituz egina baita, Santa Mariako Apaiz-jendeak eta hiriko beste indar bizi batzuek sortuta 1544 eta 1562 urteen artean.

Beste eraikin batzuk, eraikin publikoen arkitektura adierazgarriak ager ditzaketenak, hauek dira zalantzarik gabe, Santa Ana-ko dorrea Santa Mariaren ezkerrera, eta batez ere, eraikitako gorputz bezala garrantzitsua den eraikin trinkoa, elizaren aurretik ikusita arrantzarekin edo portuko merkataritzarekin gutxi-asko zerikusia duen ermandateren bati lotutako iharduerarekin zerikusia duen eraikin zibil garrantzitsuren bat izan daitekeena, eraikinaren garrantzia eta esangura ikusirik Donostiaren hiri-osotasunean.

Beharrezkoa da kontuan hartzea Villaturriel Gomendariari egozten zaion 1546ko planoan, toki horretan gutxi-gora-behera bi isurkiko estalkia duen eraikin handi bat agertzen dela eta bereziki kanpandorrea adierazten duela (11 irud.).

Baina lehen irudian, X. mendean, itxuratutako eta bigarrenean, XVI. mendean, aurkeztutakoaren artean dagoen denboraldi luzean garrantzi berezia zuen gertakari batek aberastu zuen Donostia eta bere inguruko hiri-eskema.

Hara, 1250 aurretik sortutako San Bartolome Monastegiaz ari gara hain zuzen ere, haren kokalekua gutxi-gora-behera gaur egungoarekin bat datorrelarik. Mendi-bizkarrean kokatu zen, Hiribilduaren Hegoaldean, bertatik hurbilena, eta lehen kota aldapatsuetan, ur biziko itsasgoretatik babesturik.

Beraz, orain bigarren irudi bat osa dezakegu, hain zuzen ere Hiribildua gaztelu eta Urgull mendiaren azpian uzkurtuta, eta Hiribildua bera, Antiguako Komentua eta San Bartolomeko Komentuaren erlazio hirukoitzaz osatzen delarik, hirurak Urumearen bokaleko ur nagiek bainatutako hondartza eta mareen eremu batean, Bizkaiako Itsaso bizi eta zakarrarekin topo egiten duten tokian.

Hiria XIV eta XIX. mendeen artean

Donostiako Hiriaren lehen plano, ikuspegi edo beste zenbait irudi hain berantiar izateak XVI. mendean kokatzeko, nahiko zaila egiten du Hiriko hirigintzaren eboluzioan alderdi garrantzitsuak hararte detektatzea, orain arte aztertu dugunaren gainetik.

Baina datu asko edo gutxi edukitzea bazterrera utzirik azterketa-metodo bezala interesatzen zaigu hiribildua gune eraikitzat hartzea, inguruko Komentuei begira, erlazio arkitektoniko eta formalen sail zabal eta aberatsa adierazten duelarik bien eremuan.

Gero, bietako bakoitza, Hiribildua eta Komentua, aztertu eta zatiketa arkitektonikoa egin dezakegu modu berean, gailentzen diren elementuen antolaketa ulertzeko alegia, trazaduraren elementuak baldin badaude, eta batez ere, eraikuntzako tipo ezberdinei buruz sakontzeko, non hiri-arkitekturak sailka daitezkeen.

Halatan bada, 1705eko planoaren (9 irud.) oinarrian printzipio hauek aplikatzearren, ziurta dezakegu mailaz igo berria izan den Hiribilduak, 1662an Felipe VI Erregeak Hiri Noble eta Leiala titulua ematean, guztiz itxura trinkoa agertzen duela. Oraino Plaza Berria trazatu gabe zegoen Hirigunearen Erdialdean.

Hiribildu honek dentsifikazio gradu handiena agertzen du, etxe, komentu, koartel eta biltegi nagusien artean, beti ondo kokatuak, ordenazio-eskema hierarkizatu batekin, baina jadanik hiri-konzentrazioaren mugan, hain zuzen ere garai barrokoan hiribilduen ezaugarri zena.

Hor, xehetasun handiz ikus daitezke Santa Maria eta San Bizenteko Elizak, Santa Anako eta San Telmoko Dominikoen Komentuak, Jeneralen etxeak, Udaletxea eta Harategia, guzti horrek Hiri Historikoaren eskema aski ezaguna osatzen duelarik, zalantzarik gabe itxura oso apalekoa eta erruz eraldatua eraikitzeko moduan, nahiko iraunkorra den trazadura orokor batean.

Metodo honetan oinarriturik Donostiaren eraketan orobat adierazgarri izan den beste momentu bat aztertzera pasa gaitezke, horretarako jadanik hiri honi buruzko lehen dokumentu kartografikoak baditugularik. Horregatik 1719ko (15 irud.) urteari dagokion hiriko Planoaren agerpena aztertuko dugu, hau da, beronen setio eta errendatzearen momentua Berwick-en agindupean zeuden frantziar gudalosteen erasoaren aurrean.

Denboraldi honetan, hots, 1560, Hoefnagel-en ikuspegiaren data, eta 1719aren artean aipamen eta garrantzi bereziko beste gertakari bat sortu da donostiar hirigintzaren eraketan, Frantziskanoen Komentuaren sorrera. Hiriarekin eta apaiz-jendearekin izandako betiko eragozpenen ondoren, 1569tik datozenak, azkenik 1606 urte aldera Urumearen urbazterrean kokatzen dira paraje atsegin batean bere hostotasunagatik, J. A. del Camino-k kontatzen digun bezala.

Momentu honetan kontuan har daiteke Donostiako lurralde-eskemak jadanik esanahi osoagoa hartzen duela hormazko multzoa osatzen duten arkitekturen arteko erlazio formal anitz eta aberats baten eskema barruan, militarki pribilegiatuak diren mendibizkarrak okupatzen dituzten komentu-kokalekuen aurrean.